30 sept 2012

Jardunaldi jendetsua izaten ari da Azpeitiko Erdi Aroko Azoka

Lorea SEGUROLA

Atzo, hilaren 29an, hasi eta gaur arratsaldeko zortziak arte ikusgai egongo da Azpeitiko Erdi Aroko Azoka. Horretaz gain, azoka atzean aurkitzen den Berdura Plazan Stocka jarri dute herriko dendari desberdinek. Atzokoa  jardunaldi jendetsua izan zen, eta gaurkoa ere hala izatea espero dute Udalak eta Bertan Merkatarien Elkarteko antolatzaileek.

Aurtengoak bederatzigarren Erdi Aroko Azoka eta seigarren Stock azoka izaten ari dira Azpeitian, eta dendariak bereziki itxaroten ari ziren bere etorrera, jasaten ari diren krisiari aurre egiteko aukera bat baita. 

Azoka ikusgai dagoen bitartean hainbat ekimenez gozatzeko aukera egongo da kalean. Hala nola, txori erakusketa, erdi aroko antzezlanak, Musika Eskolako ikasleen emanaldiak, ttuntturroak eta Itsasi Dantza Taldea. 

Ekitaldiari Azpeitiko Metal Boskotearen kotzertuak emango dio amaiera, azoka ondoan aurkitzen den Sanagutin Kulturgunean

Ewan McGregor aktoreak Donostia saria jaso du aurtengo Zinemaldian



Daniel TAPIA

Ewan McGregor aktoreak Donostia saria jaso zuen ostegunean bere ibilbide arrakastatsuaren omenean. Zinemaldiaren historian, Donostia saria jaso duen artistarik gazteena da aktore eskoziarra, 41 urterekin jaso baitu golardoa.

Juan Antonio Bayona espainiar zinegilearen eskutik jaso zuen saria Kurssalean antolatutako emanaldian. Saria jaso bezain pronto euskaraz eskertu zuen Donostiako publikoaren harrera beroa, “rock izar bat balitz bezala" sentitu zela adierazi zuen aktoreak. Izan ere, 30 minutu behar izan zituen Kurssaleko alfonbra gorria zeharkatzeko.

McGregorrek saria bere emazteari eskaini zion. Aktore eskoziarrak aitortu zuen, bere emaztea zela benetan Donostia saria merezi zuena, bere ibilbide profesionalaren urrats guztietan bere alboan mantendu delako.

18 sept 2012

Beldur Barik lehiaketa abian da aurten ere

Lorea SEGUROLA

Beldur Barik 2012 lehiaketan parte hartzeko epea zabalik da jada.  Hamaika jarrera, hamaika aukera izango da aurtengo leloa. Azaroaren 24an egingo den Topaketan ordura arte bidalitako lanak ikusteko aukera izango da eta irabazleak ere bertan izendatuko dituzte.

Ekitaldia antolatu duen Berdinsarea elkarteak spot bat aurkeztu du lehiaketa iragartzeko eta zenbait ideia zabaldu ditu parte-hartzaileek beraien lanetan jorra ditzaten. Hauen artean, neskek mutil lagunarengandik jasaten duten etengabeko jazarpena, kalean jasaten duten segurtasun eza, fisikoaren inguruan dauden estereotipoak, sexualitatea nahi den bezala bizitzeko askatasuna, eraso homofoboak eta berdintasuna. Parte-hartzaileek jarrera@beldurbarik.org posta elektronikora bidali beharko dituzte beraien lanak topaketa eguna baino lehen.

EHUk eskura jarri ditu 2012-2013 ikasturterako Bilbao Kirolaken abonatua izateko eskariak


Antton TELLERIA

Ikasturte berria hasi orduko, EHUko Leioako kanpusak kirol zerbitzuan egingo dituen eskaintzen berri eman du. Urteroko legez, Bilbao Kirolak Udal erakundearekin bat eginik, unibertsitateak kanpuseko erabiltzaileentzat kuota bereziak ezarri ditu, kirol jarduera sustatu asmoz.
  
Kuota hauen berri emateko, 2012-2013 ikasturterako abonatua izateko eskaera orriak argitaratu ditu unibertsitateak. Kuotak ezartzerako garaian kanpuseko erabiltzaileen artean bi multzo bereizi ditu bertan. Batetik, ikasle taldeak 48 euroko kuota ordaindu beharko du, ikasturtean zehar Bilbao Kirolakeko edozein kirolguneko igerilekua erabiltzearen truke. Bestetik, irakasle, ikertzaile zein administrazio zerbitzuko langileen (AZL) multzoak 60 euroko tarifa izango du.

Eskaera orrietan honako datuak eman behar dira derrigorrez: Izen-abizenak, helbidea, jaioterria, p.kodea, telefono zenbakia, jaioteguna, sexua, fakultatearen izena eta banku bidezko helbideratzea ahalbidetzeko kontu korronteko zenbakia.

Igerilekuaz gain kiroldegietako gainontzeko zerbitzuak erabili nahi izanez gero, Bilbao Kirolaken webgunean ematen da kuoten berri.

Barik kontakturik gabeko txartela martxan jarriko du Bizkaiko Garraio Partzuergoak urtarriletik aurrera

Daniel TAPIA

Garraio txartel bakarra lortzeko asmoz, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) Barik txartela martxan jarriko du hurrengo urteko urtarriletik aurrera. Honekin batera, Creditrans, Gizatrans eta Hirukotrans txartelak saltzeari utziko dio metodo berri honen erabilera sustatzeko. 

Barik sistema Bilboko Metroan
Garraio txartel berri honen berezitasunik handiena kontakturik gabeko teknologia da. Barik txartela irakurgailura gerturatzea nahikoa izango da bidaia balioztatzeko, diru-zorrotik edo poltsatik atera beharrik izan gabe. 

Horretaz aparte, txip bidezko txartel berri hau, erosoagoa izango da erabiltzaileentzako, ez baita askotan bete beharko, zenbateko handiak kargatzeko aukera eskaintzen baitu. Beste alde batetik, gaur egun eskaintzen diren beste aukerekin konparatuz, Barik txartela seguruena da; txartel pertsonalizatuak direnez galdu edo lapurtuz gero ordezkatuak izan daitezke erabiltzaileak aurretik zuen zenbatekoa berreskuratuz. 

Kontakturik gabeko txartel berri hau fase pilotuan dago urria arte. Hala ere, garraio publiko askok (Bilboko Metroa, Bizkaibus, Euskotran, Bizkaiko Zubia...) dagoeneko hornituak daude Barik sistema berriko erabiltzaileak jasotzeko. 

Garraiobide txartel berriari buruzko informazio gehiago jasotzeko eta zalantzak argitzeko Bizkaiko Garraio Partzuergoak telefono bat (901 123 123) eta web orrialde bat martxan jarri ditu herritar guztien eskura.

11 sept 2012

Sarrera


Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko ikasle talde batek sortutako bloga dugu hau. Bertan kultura ardatz harturik albisteak, kronikak, erreportajeak, elkarrizketak... argitaratuko ditugu. Bloga sortzearekin batera, Ziberkazetaritzako Idazkeran lehen urratsak eman ditugu. Gure taldea osatzen dugun ikasleok Lorea Segurola, Daniel Tapia, Antton Telleria eta Xabier Totorikabuena gara.